Aingeru Epaltza
lizia Iribarren Tuterako AEKko arduraduna kexu agertu zen lehengoan, Erriberan-eta jende anitzek euskara eta politika nahasten omen dituelako. Horrek traba egiten, nonbait, euskalduntze lanari. Eransten ahal zitzaion Aliziari sentipen hori, Ebro inguruko lurraldean ez ezik, Nafarroako eta are Euskal Herriko gainerakoan ere txertaturik dagoela. Poztekoa zen, nolanahi ere, halako aitorpena alfabetatze-euskalduntzeko erakunde nagusiko arduradun baten ahotik. Jende parrasta bati kezka bera dabilkio aspaldi handitik buruan, baina adierazte hutsak lagun deseroso bilakatzen ditu euskalgintza delakoaren sektore jakin baten begitan. Lagun deseroso, hitz-estaliz mintza-tzera, bistan dena. Sektore hori inoiz ez da itsuka ibili. Badaki zenbat jende urrundu duen betikoz euskaratik eta euskal kulturatik. Horretaz ederki futiturik ari izan da euskararen eta abertzaletasunaren bertsiorik zakarrenaren arteko identifikazioa berariaz bultzatzen. Bertze batzuek, berriz, hatz bat ere ez dute mugitu izan hala gerta ez zedin. Gauden denok anai. Larunbatean, Korrikak Iruñerria inguratu zuen. Euskararen aldeko lasterketa. Euskaltzale eta euskaldun guztien sostengu eta laguntza merezi duena. Tarte batzuetan, ordea, areago ematen zuen ezker abertzaleko presoen aldeko karrera, euskararen aldekoa baino. Ez zen, sobera begi zorro-tzik behar berez etorritako gauza gabe, kontu antolatua zela ohartzeko. Orobat antolatuak, Nafarroako Baiko ordezkariek beren kilometroan pairatu zituzten bultzadak, irainak eta gainerakoak. Ez dut uste hori zenik AEKk transmititu nahi zuen mezua. Denena omen den lasterketaz guti batzuk jabetu ziren Iruñerrian. Behin berriz, opari ederra utzi dute Nafarroako Gobernuaren eskutan, euskararen eta euskalduntzearen kontra lasai jo dezan. AEKri Korrika ebatsi zioten lehengo larunbatean Iruñean. Nik, nafar gobernuaren gaiztakeria gaitzesteaz aparte, zerbait entzun nahi nioke lapurreta horren gainean.
0 comentarios:
Publicar un comentario